Kometa taldeko Alejandro Ropero izan da lehena parkean kokatutako helmugan eta Bidasoako Itzuliko lehenengo lider bihurtu da

Azken urteotan ohi den bezala, aurten ere IrriSarri Landen amaitu da Bidasoako Itzuliaren estreinako etapa. Helmugara hiru lehen postuetan heldu dira Kometa taldeko Alejandro Ropero (2 ordu 20 minutu) eta AIX en Provence taldeko Masahiro Ishigami eta UC Mondiale taldeko Binian Hailu, biak garailearegandik 6 segundutara). Hirurak pozik agertu gira lortutako garaipenarekin. Sarien banaketa parkeko Jolastokiko terrazan kokatutako oholtzan egin da eta parkeko gerente Joxe Elgorriaga eta Baxirekin batera sariak banatu dituztenak izan dira Antxon Mendia, Bidasoako Itzuliaren zuzendaria; David García, El Diario Vascoko ordezkaria; Pilar Fuentes (Txingudiko Partzuergoa), Roser Riverola (BMW Lurauto) eta Jesús Gil (Urbykolan).

Gaurkoan, IrriSarrira heldu aurretik, Irundik atera, Elizondotik igaro eta Zigako gaina igo behar izan dute txirrindulariek. Ondoren, 102 km egin ostean, Igantzira heldu eta handik IrriSarri Landera bidean gainditu beharreko igoera gogorrari ekin diote. Jada ohikoa den bezala, azken kilometro maldatsuak erabakiorrak gertatu zaizkie txirrindulariei.

Bidasoako Itzulia – El Diario Vasco Sari Nagusia itzuliaren 47. edizioa gaur abiatu da Irundik eta hiri horretan bertan amaituko da hilaren 11n. Lasterketa horrek elite kategoriako eta 23 urtetik beherako txirrindulari onenak biltzen ditu eta egutegiko hitzordu garrantzitsunetzat jotzen da. Guztira hogei taldetako kirolariak ari dira norgeihagokan, horien artean atzerriko lau talde: bi frantziar, Belgikako talde bat eta Nazioarteko Txirrindulari Elkarteak,UCIk, hautatutako txirrindulariek osatutakoa. Lehian ari diren txirrindularien artean aipatzekoak dira gaur IrriSarri Landen garaile suertatutako Alejandro Ropero, Caja Rural-Seguros RGA taldeko Carmelo Urbano edo Laboral Kutxako Asier Etxeberria. Azken urteotan bezalaxe, aurtengoan ere IrriSarri Land parkeak bat egin nahi izan du gure artean sona handikoa den kirol proba horrekin.

Mila esker amaiera polit hori ikustera gurera hurbildu zareten guztioi! Eta partehartzaileei, berriz, gure zorionik beroenak eta aurrera datozen egunotako bidean!