Asteburu honetan, lehen IrriSarri Fashion Weekend ekitaldia eginen da abentura parkean, modari eskainia, tokiko diseinuak eta dendak sustatzen saiatzeko.
Guztira, 8 denda eta diseinatzailek, 5 moda-blogarik eta hiru ile-apaindegi eta estetika-zentrok parte hartuko dute asteburu honetan Nafarroako abentura parkean antolaturiko lehen IrriSarri Fashion WeekEnd ekitaldian. Izan ere, asteburu osoan, boutiqueek eta diseinatzaileek denboraldi honetarako prestatu dituzten lanak eta modeloak aurkezteko eta saltzeko aukera izanen dute. Hona hemen larunbatean nahiz igandean ferian stand bana paratuko duten establezimenduak: Le Nid, Lira, Mimi eta Maider Alzaga donostiarrak, Sweet Lady eta Freeman irundarrak, Berako Martzutzak, eta Doneztebeko Amaya Estetika Zentroa. Gainera, beren jantziak bi desfiletan erakutsiko dituzte, biak ere larunbatean eginen direnak.
Ile-apainketako eta estetikako profesionalek modelo parte-hartzaileak orraztu eta makillatuko dituzte, eta bertaratzen direnen esanetara egonen dira irudiari dagozkion kontu guztietan aholkuak emateko. Honako hauek arituko dira, hain zuzen: Doneztebeko Amaya Estetika Zentroa, Doneztebeko Marta ileapaindegia; Eider eta Maider, hots, Mari Kay-k Beran dituen ordezkariak, eta Monte Albertia BHIko ile-apainketako ikasleak.
Eta den-dena sareen bidez kontatzeko, baina, batez ere, beren ikuspuntu baliogarria eta estilo-aholkuak eskaintzeko, 4 moda-blogarik parte hartuko dute larunbateko ekitaldian. Goizean solasaldi batean arituko dira, eta arratsaldean, bakoitzak bere jantzia prestatuko du, dendek aurkezten dituzten arropak erabilita. Horiek guztiak desfile batean erakutsiko dira. Honatx blogariak: “Y a mi quién me viste”, Nazaretena; “Va de moda”, Oihane eta Leire Baztarrikarena, eta “Coool Jumps”, Irati Jararena. Bertan, halaber, Miriam Torres instagramerra izanen da.
Irungo My Dance Studio dantza-eskolak girotuko du desfilea.
Larunbateko azken ekitaldiak prêt-a-porter afaria eta disko-festa izanen dira. Afarian izena emateko, 948 928 922 telefonora deitu behar da. Prezioa 20 euro da, kontsumizio bat barne. Igandean, denden standak egun osoan egonen dira zabalik.
Ekitaldian sartzea doakoa da.
EGITARAUA
Maiatzak 14
11:00 Ekitaldi irekiera
12:00 Solasaldia moda-blogariekin. 17:30 “Mi Conjunto IrriSarri”. Blogariek salgai dauden arropekin eginiko jantzien aurkezpena
19:30 Moda-pasarela
21:00 Prêt-a-porter afaria
23:00 Disko-festa
Egun osoan, arropa salmenta, eta ile-apaintzaileen eta makillatzaileen irudi-aholkularitza.
Maiatzak 15
Egun osoan arropa salmenta
Leave A Comment