Maiatzaren 8 asteazkenean, Irunen hasi eta 104km egin beharko dituzte txirrindulariek parkera iritsi aurretik

Maiatzaren 2an aurkeztu zen Irungo Udalean Bidasoako Itzulia –  El Diario Vasco Sari Nagusia itzuliaren 47. edizioa. Maiatzaren 8 asteazkenetik 11 larunbatera arteko lau etapatan, lasterketa horrek elite kategoriako eta 23 urtetik beherako txirrindulari onenak bilduko ditu. Guztira hogei taldetako kirolariak ariko dira lehian, horien artean atzerriko lau talde: bi frantziar, Belgikako talde bat eta Nazioarteko Txirrindulari Elkarteak,UCIk, hautatutako txirrindulariek osatutakoa. Azken urteotan bezalaxe, aurtengoan ere IrriSarri Land parkeak bat egin nahi izan du gure artean sona handikoa den kirol proba horrekin eta estreinako etapak bertan izango du helmuga.

Maiatzaren 8 asteazkenean, itzuliaren lehenbiziko etapa horretan, Irundik atera, Elizondotik igaro eta Zigako gaina igo beharko dute txirrindulariek. Ondoren, 102 km egin ostean, Igantzira heldu eta handik IrriSarri Landera iristeko gainditu beharreko igoera gogorrari ekingo diote. Aurreko urteetan gertatu legez, aurten ere, azken kilometro maldatsua erabakiorra izango da ziurrenik.

Asteazken zatozte gurera etaparen azken txanpa ikusgarriaz gozatu eta, Baxirekin batera, txirrindulariei harrera egitera!