IrriSarri Landen denboraldiko bi ekitaldi garrantzitsuenak ospatuko dira asteburu honetan
Urriaren 29 eta 30ean IrriSarri Bike Enduro 2022 kirol-proba eta parkeko lantaldeak urtero eraikitzen duen txondorra pizteko ekitaldia egingo dira IrriSarri Landen. Publikoari zabaldutako ekitaldiak izango dira biak, eta kirol proban izena emateko epea zabalik dago dagoeneko.
IrriSarri Bike Enduro 2022
Enduro bizikleta modalitatean aritzen diren kirolarien urteroko zita hartuko du Nafarroako erreferentziazko bike parkak. Proba parkeko zirkuituetan barrena egingo da; jaitsierako tarteak kronometratuak izango dira, eta igoerakoak, loturazkoak. Ibilbidea seinaleztatuta egongo da eta derrigorrezkoa izango da kaskoa, belaunburuak eta peto edo motxila erabiltzea. Ibilbideak 26 kilometro eta 1.164 metroko desnibela izango ditu.
Izena emateko epea zabalik dago (hemen), eta parte hartzaileek kategoria hauetan eman dezakete izena: Kadeteak; Juniorrak; 23 urtez azpikoak; Elitea; 30, 40, 50 Masterra; Emakumezko kadeteak; Ebike; Emakumezkoak eta Scratch.
Urriaren 29an, larunbata, IrriSarri Land-eko bederatzigarren ikastegia piztuko da. Ekitaldia 18:00etan hasiko da eta sarrera doakoa izango da.
Ikaztegiaren bidez, euskal kulturaren alorreko pertsona bat omentzen du urtero IrriSarri Landek. Aurten, Mikel Urdangarin kantautore bizkaitarrak piztuko du txondorra, eta bere aztarna utziko du Ikatzaren Museoko enbor batean, Iñaki Perurena, Xabier Euzkitze, Xabier Agote, Toti Martinez de Lecea, Aizpea Goenaga, Itziar Sistiaga eta Julian Iantzik aurreko urteetan egin duten bezala.
IrriSarri Landeko lantaldeak hilabete emango du ikaztegia eraikitzen. Horretarako, Irisarriko basoetako 18.000 kg egur inguru erabiliko dituzte, gaztainondoa eta haritza, nagusiki. Gakorik garrantzitsuenetako bat eraikuntza prozesua da, ikaztegia modu tradizionalean osatzen baita, gure arbasoek egiten zuten bezala.
Sua piztu ondoren, IrriSarri Landeko boluntarioek txondorra gertutik zainduko dute itzali ez dadin, eta, horrela, abenduaren hasieran ikatza eruzten hasiko dira. 5.000 kg inguru lortzea espero da, eta ia guztia parkeko jatetxeetako parrilletan erabiliko da.
Leave A Comment