San Joan suak, dantzak, kontzertuak, herri kirolak, zikiro-jana, artzain-txakur txapelketa eta beste hainbat ekitaldi izango dira IrriSarri Landen hilaren 23tik 28ra
IrriSarri Land kokatzen den lurretako ohitura eta kultura berreskuratzea eta iraunaraztea izan da hasiera-hasieratik parkeko arduradunen helburua. Horregatik, San Juan Xarretik hurbil dagoen eta IrriSarri Land parkearen zein Yrisarri Jauregiaren kokaleku den Igantziko Yrisarri auzoko San Joan bestak suspertzeko ahalegina egin dute aurtengoan. Besten bidez, turista eta bisitariei tokiko kulturaren elementuak ezagutarazten ahaleginduko dira.
Txupinazoa bihar, asteartea, 18:00etan jaurtiko du auzoko lagun entzutetsu batek. Gainera, San Joan suak eta bertso-afaria egingo dituzte bihar bertan. Aldiz, egun handia 24a izango da: San Juan Xarreko mezaren ostean, Bortzirietako hainbat agintarik parkean bazkalduko dute, eta arratsaldean dantza erakustaldia izango da. Ostegunean, bestetik, Bidasoako Anfitrioien Batzarra egingo dute; inguruko ostatu turistikoetako lagunek parkea bisitatuko dute.
Ostiralean Bizikleta Jaitsiera Txapelketa egingo dute, eta gauean Dirt Jump erakustaldia Dirt Parkean, bi DJren laguntzarekin. Larunbata eta igandea ekitaldiz beteta helduko dira; larunbatean herri kirolak, hainbat kontzertu, zikiro-jana eta Yrisarriko Palioa egingo dituzte. Palioa bost zaldiren arteko lasterketa da, eta zaldizkoak Bortzirietako bost herrietako ordezkariak izango dira, hain zuzen. Zaldiak eta zaldizkoak Agintarien Bazkarian erabakiko dituzte zozketa bidez. Igande goizean, azkenik, artzain-txakur txapelketa egingo dute, Makil Joko erakustaldia, herri-bazkaria eta dantzak.
Leave A Comment