Har ezazu parte I. IrriSarri Land Disc Golf Txapelketan!
Larunbat honetan (apirilak 6) IrriSarri Landen irekiko dugu Nafarroako estreinako disc golf zelai homologatua; berau da denboraldi honetarako parkeak aurkezturiko berrikuntzarik nabarmenena. Irekieran gurekin izango dira Maitena Ezkutari, Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritza zuzendari nagusia, lehen jaurtiketa egingo duena, eta Juankar Unanua, Igantziko alkatea. Irekiera-ekitaldia goizeko 11etan izango da.
I. IrriSarri Land Disc Golf Txapelketa. Inaugurazioarekin batera, larunbatean zehar, I. IrriSarri Land Disc Golf Txapelketa izango da. Bi mailatan jokatu ahalko da (MPO eta junior) eta bietan honako hauek izango dira lehenbiziko tokietan sailkatutakoek jasoko dituzten sariak: txapeldunentzat gau bat IrriSarri Landeko aterpetxean eta disc golf zelairako sarrera bat (2019an erabilgarri); txapeldunordeentzat disc golf zelairako hiru sarrera (2019an erabilgarri); eta hirugarren tokian sailkatutakoentzat disc golf zelairako bi sarrera (2019an erabilgarri). Txapelketarako izen ematea aurrez egin daiteke, telefonoz (948 928 922) eta email bidez (info@irrisarriland.es); bestela, larunbatean bertan parkean ere eman daiteke izena, goizeko 10etatik aurrera. Txapelketako lehenbiziko itzulia 11:30an abiatuko da, inaugurazio-ekitaldiaren ostean, eta bigarren itzulia, berriz, arratsaldeko 16:00etan. Lehiaketa amaitzeko, 19:00etan sari banaketa izango da.
IrriSarri Landeko zelai berriak aukera paregabea eskaintzen du disc golf-a ezagutzeko. Golfaren antzekoa izanik, kirol horretan bolekin eta makilekin jokatu beharrean disko hegalariak hainbat otarretan sartzea da helburua. Disc Golfaren teknikak ez du trebetasun edo prestakuntza fisiko berezirik eskatzen eta, beraz, kirol inklusiboa da erabat, naturarekin harreman zuzenean gozatu nahi duten publiko ororentzat aproposa.
Disc Golfa duela urte asko jokatzen da eta oso zabalduta dago Europako iparraldeko herrialdeetan, Finlandian esaterako, zein Estatu Batuetan. Gurean, gero eta gehiago dira zaletuak eta, hemendik aurrera, IrriSarri Landen toki ezin hobea aurkituko dute horiek gustoko kirolean jarduteko. Izan ere, zelaia Professional Disc Golf Association (PDGA) delakoak ofizilaki onartu du bertan naziorteko txapelketak antolatu ahal izateko. Euskadisc Golf enpresak diseinatua, joko-zelaia golf zelai baten antzerakoa da eta 18 zulo (saski) ditu, garaiera alde ezberdina duten hainbat partzelatan banatuak. Azkeneko zulora, adibidez, 140 metroko distantziatik jaurtiki behar da diskoa.
Leave A Comment