Xabier Euzkitze arduratu da aurtengo txondorra piztez. Bigarren urtez jarraian, parkeko langileek txondor bat eraiki dute inguruko hainbat ikazkinen laguntzarekin. Kazetari, bertsolari eta aurkezle gisa, besteak beste, egin duen ibilbideagatik omendu dute Euzkitze, euskaldunen hainbat belaunaldirentzat erreferentzizko pertsonaia mediatikoa izan baita.

Iaz omendu zuten Iñaki Perurenak pasa dio eskultura-oroigarria Euzkitzeri. Joxe Elgorriaga parkeko gerenteak eta Angel Mariezkurrena Kantu Zaharraren antolatzaileak ere hartu dute parte ekitaldian. Omenaldia eta txondorraren piztea, hain zuzen, Txondorraren Eguneko jarduera nagusiak izan dira, baina ez bakarrak: txondorren egituraren simulazio bat eraiki dute, eta Ikaztegia. Ikatzaren Museoan bisita gidatu bat eskaini dute. Azkenik, Mariezkurrenak zuzendutako Kantu Kantari Afariarekin amaitu da eguna.
Irisarriko basoetako 15.000 kg egur, gaztainondoa eta haritza, batez ere, erabili dituzte aurtengo txondorra eraikitzeko, eta batez beste, 8.000 kg ikatz ateratzeko asmoa dute arduradunek.

IrriSarri Landeko lurretan eta inguruetan aspaldi errotu zen ikaztegiak eraiki eta  nork bere kontsumorako zein irabaziak lortzeko egur-ikatza ekoizteko ohitura. 500 urte baino gehiago dituen usadioa berreskuratzeko asmoz, baina baita ohitura ezagutzera eman eta lursailak garbitzeko ere, urtero txondor bat eraikitzea eta doako sarrera izango duten pizte ekitaldiak antolatzea erabaki zuen iaz IrriSarri Landek. Gainera, euskal kultura tradizionalaren hedapenean lan egin duen pertsona bat omentzeko baliatu nahi dute saioa. 2014an Iñaki Perurena izan zen lehen omendua.

Orain gutxi, halaber, Ikaztegia. Ikatzaren Museoa izeneko gunea inauguratu du parkeak. Estali gabeko interpretazio zentroa da, eta tamaina errealean egindako eraikuntzek egur-ikatzaren sortze prozesuko fase guztiak islatzen dituzte. Gainera, ikazkinak bizi ziren etxola ere eraiki dute, eta haiek erabiltzen zituzten tresnak ikus daitezke.

Pizte ekitaldia

Pizte ekitaldian ZubiTxondorra_03etako Joaldunek, Menditarrak taldeak eta hainbat bertsolarik hartu dute parte. Horren ostean, Kantu Kantari Afaria egin dute Angel Mariezkurrenaren gidaritzapean; gastronomia eta euskal abesti tradizionalak uztartu dituzte bertan. Txus Zabaleta sukaldaria arduratu da menuaz, eta Aitor Mendiluze, Aitor Ibarra eta Francisco Santxotenaren ahotsak izan dira entzungai.

Une honetatik aurrera, IrriSarri Landeko boluntarioek zainduko dute txondorra, eta dena ongi bidean, urtarrilaren hasieran hasiko dira ikatza ateratzen.

IrriSarri Land Resort Rural & Adventure Park-era joaten diren bisitariek txondor tradizional baten funtzionamendua eta mantenua nolakoa den ezagutu ahal izango dute Gabonetan. Horretarako, Ikaztegia. Ikatzaren Museoa gunetik igarotzen den Interpretazio Ibilbidea du parkeak, baita IrriSarri Express izeneko trena ere, haur eta helduei bidaia eder bezain interesgarria eskainiko diena.

Parkeko arduradunen hitzetan, “Ikatzaren Museoa Gabonetan bisitatzen duten lagunek iraganera salto egingo dute, eta tokiko bizimodu tradizionala nolakoa zen ezagutzeko aukera izango dute”.